XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berdin dio nola iritsi nintzen haraino. Berdin dio zergatik. Hara ailegatu orduko, etxetik gertu nengoelako batbateko sentipen zehatz bat sentitu nuen, tximista bailitzan ene burutik pasaz.

Eta zaldi baten irrintziaren hotsari begiradarekin jarraitzean, han ikusitakoak baieztatu zidan barneko ezagupen izpiritual hura. Etxera iritsi nintzen.

Zaldi basatiak saltoka zirauen, ni bezain urduri agian. Baina berehala lasaitu zitzaion gizon hari animalia. Bazirudien oso ondo ulertzen zutela elkar, eta begiak harriturik ireki nituen.

Jennyk ez zidan gizon hura aipatu. Soilik bere senarra. Eta gizon hura ezin zitekeen Johnny izan. Ez, baldin eta ez bazuen zentimetro batzuk gora egin, zenbait kilo argaldu, ilea tintatu...

- Tximista du izena. Gaur ekarri digute, goiko menditik. Oraindik ere basatia da oso.

Jennyren ahotsa. Nire alboan azaldu zen bat-batean. So egin barik, soilik nire ondoan sentiarazi nuen.

Nire lagun Jenny. Eta banekien ez zela tipoaz ari, nahiz eta hark txundituta utzi ninduen. Nola hezi zezakeen gailurretako zaldi basati bat horren bizkor? Orduan ordea, zaldia berriro ere jauzika hasi zen, ezen gizon misteriotsu hark lazo bat jarri nahi izan zion.

Aurreko aldeko hankek, airean jarririk, ostikada ederrak botatzen zituzten noraezean. Atezatu egin nintzen. Zaldia gertuegi zegoen.

Mugimendu oker bat eta harenak egingo zuen. Alabaina, gizonak pauso batzuk atzera eman zituen, zaldiak bere hankak lehen pertsona hura zegoen toki berean lurrartu baino segundo bi lehenago. Aurreikusi egin izan balu bezala. Liluratuta nengoen. Eta baita dardara batean ere.

- Ez arduratu. Beraiek euren buruak baino hobeto ezagutzen ditu zaldiak. Badu halako zera berezi bat